
Gaur, irailak 17, goizeko 11etan, Bilboko Hika Ateneoan, egin da irailaren 29ko Greba Orokorraren aldeko manifestu hiritarraren aurkezpena.
Ruben Belandia, EHUko langilea eta Joxe Iriarte “Bikila”, idazlea, izan dira manifestuaren inguruko xehetasunak azaldu dituztenak.
100 pertsona dira manifestuaren lehenengo sinatzaileak. nork bere buruaren izenean, jatorri politiko, sindikal eta geografiko anitza duten pertsonak.
Hau da zabaldu duten mezua:
Irailaren 29ko Greba Orokorraren aldeko irritaren manifestuaren aurkezpena
1.- Ekimen hau anitza da zentzu guztietan (politikoa, sindikala, geografikoa…). Ekainaren 29ko Greba Orokorrean parte hartu genuen pertsonak gara. Gure ustez, bilatzen genituen helburuak ez dira lortu, eta borrokan jarraitu behar dugu.
2.- Argi ikusten dugu krisia hasi zenetik patronalak, bankuek eta eskuineko indarrek gobernuak presionatu dituztela. Eta bere gutizia ez da asebete, nahiz eta diru publiko ugari bankuei eman zaien eta milaka pertsona langabezian utzi dituzten.
Edozein aitzakia erabili dute gastu sozialaren eta langileen eskubideen murrizketa eskatzeko. Eta gauza handirik lortzen ez zutenez, beren indarrik arriskutsuenak erabili dituzte, finantza arloko espekulatzaileak, zeinek Europako gobernu guztiak beraien esanetara jarri dituzten, murrizketa neurriak aplika daitezen.
Neurri horien hasiera arlo publikoko enplegua eta soldaten murrizketa eta pentsioen izozketa izan zen, baina oraingo lan erreforma ez da inolaz ere azken neurria izango. Izan ere, pentsioak kalkulatzeko epea luzatzeko edo jubilatzeko adina atzeratzeko mehatxuak etengabekoak dira azkenaldiotan.
3.- Presio horri aurre egiteko langileen eta gizartearen etengabeko mobilizazioa ezinbestekoa da. Greba Orokorra egin behar dugu. Posible balitz Europa osoko greba orokorra egitea. Aldi berean, mugimendu horrek mundu osoko txiroen eskubideak eta ekologiaren kontrako erasoak etetea ere aldarrikatu beharko lituzke.
4.- Ekainaren 29ko greba orokorrak argi utzi zuen deialdi desberdinak egun berean biltzeak grebaren eragina handiagoa izatea ekarri zuela. Gure ustez, mobilizazio maila hori mantendu behar dugu.
Gainera, ekaineko grebaren helburua ez zen greba dagoeneko egin dugula esan ahal izatea. Bilatzen genituen helburuak lortu arte borrokan jarraitu behar dugula uste dugu, eta gure mobilizazioak gero eta zabalagoak, bateratuagoak eta gogorragoak izan behar direla.
5.- Herri bat geldiarazi ahal izateko, gobernuen, beren komunikabideen eta polizien presioak gainditu behar dira, baina baita patronalak eta prekarietateak sortzen duten presioa ere.
Era berean, gizartearen gehiengoaren laguntza lortu behar da: jubilatuak, langabetuak, gazteak, dendariak, autonomoak… mobilizatu behar dira, egungo politika ekonomikoaren kaltetuenak direlako. Baina bide honetan oso komenigarria litzateke sindikatu guztiek egun berberean greba egiteko deialdiak egitea.
Horregatik:
- Hiritar guztiei irailaren 29 Greba Orokorrean parte hartzeko deia egiten diegu, Europako Sindikatuen Konfederazioak egindako mobilizazio deialdiaren barruan, gure ustez beharrezkoa baita eskubide sozial eta laboralen murrizketen kontra eta, or ohar, murrizketa politiken kontrako mobilizazio garrantzitsuak lortzea Europa osoan.
- Greba deialdiari sindikatu bakoitzak bere ñabardurak ematen dizkion arren, lantokietan Asanblada bateratuak egin behar dira, langileek greba orokorrean parte hartzea errazteko, eta prekarioenak babesteko.
- Herrietan edo eskualdeetan Greba Orokorraren aldeko batzorde anitzak bultzatu behar dira, gizartea murrizketa politiken kontra kontzientziatzeko, mendeetan zehar lortutako eskubide sozialak arriskutan daudelako.
- Irailaren 29ko Greba Orokorra ez da mobilizazioaren hasiera eta ezin da mobilizazioaren amaiera izan, etengabeko mobilizazio prozesuaren beste urrats bat baizik.
Bilbon, 2010eko irailaren 17an.